GATAZKA POLITIKOA: eztabaida

Martxoaren 16an, Algortako Kultur Etxean Martxoaren 16an, mahai-inguru bat antolatu zuen “ITSASORUNTZ” gizarte ekimenak.

Hiru hizlarik (Ramon Zallo, Paco Letamendia eta Paul Rios) honako galderari erantzun behar izan zioten Nola konpon daiteke Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa?

Ramon Zallok Euskal Herriaren ikuspegitik erantzun zion galdera horri. Bere iritziz, hurrengo hauteskundeek ezinbesteko garrantzia izango dute, baina tamalez hurrengo hauteskundeak eta gero ez da alderdi abertzaleen arteko estrategia beteratu bat martxan jarriko. EAJk nahiago izango omen du alderdi unionistekin batu, Amaiurrekin baino. Arrazoi nagusia: alderdi interesak nagusituko omen dira.

Paco Letamendiak Estatuen ikuspuntua landu zuen, hau da, zer egin daitekeen Euskal Herritik Espainia eta Frantzia mugiarazteko eta batez ere presoen gaia bideratzeko, hori baita gaurko egoeran sufrimendu gehien eragiten duena. Letamendiaren ustez, ETAk bere ekintza armatua bertan behera uzteak ezustean harrapatu ditu Frantziako, eta bereziki, Espainiako Estatuak. Espainiako estrategia egoera hozten uztea izango da eta ahal dela EAJren konplizitatea lortzea ETAren amaiera kudeatzeko. Hala ere, ohartarazi zuen Aieteko adierazpenean ez zaiola ETAri desegiteko eskatzen, ekintza armatua uztea baino ez, eta ETAk bere konpromisoak bete ditu. Presoen gaia duintasunez bideratuta egon arte, ez du uste ETA desegingo denik.

Bukatzeko, Paul Riosek Brian Currien nazioarteko taldeakin izandako esperientzia azaldu zuen eta oso interesgarria iruditu zitzaidan jakitea euskal auzi politikoa nazioarteko agendan dagoela. Naturaltasun handiz ikusten omen da nazioartean Euskal Herriak konpondu gabeko auzi politiko bat duela eta konponbidea eman behar zaiola. Azken mezu bat ere bota zuen: nazioarteko laguntza edonolakoa izanda ere, konpobidea gure esku dago.

Hitzaldiek oso ondo azaldu zuten gaur egungo egoera eta aurrerantzean bide luzea dugula ohartarazi zigun bertaratutakoei. Era berean, egoera berriak jarrera eta balore berriak behar ditugula argi geratu zen. 

Etxera nihoala, honako gogoeta etorri zitzaidan burura: Euskal Herriak herri gisa Europan eta mundu mailan ezagutua bada, asmatu behar dugu ezagutza hori formalizatzeko bidean. Azken hamarkadan mendetasun harremana izan dugu estatuekiko eta gure jokabidea erantzun-jarreran oinarrituta egon da.

Aurrerantzean, ordea, burujabetzan oinarritu behar dugu bidea. Ez horrenbeste Estatuei egindako eskabideetan (dela transferentzia gehiagorena, dela presoen askatasuna…), baizik eta guk gure indar eta baliabideekin martxan jartzeko garen dinamika sozial, kultural, ekonomiko, I+G+b….eta abarretan egongo da gure etorkizuna. Horrela bada, orain arte nazionalismoak indarrak biltzeko eremu sinbolokoa eta estatuarekiko erantzun/protesta dinamikak erabili baditu ere, aurrerantzean burujabetzak,  indarrak eta borondateak beste elementu berri batzuen inguruan bildu beharko ditu: eremu sinbolikoaz gain, gure berezko eredua (soziala, kulturala, ekonomikoa…) eraikitzeko dugun indarrak eta kemenak elkartu behar gaitu, horren aldeko dinamikak martxan jarriz eta horretarako behar ditugun jarrera eta balore pertsonal eta kolektiboak landuz, hau da, “gure aitaren etxea” eraiki behar dugu.

Alderdikeriak eta ohiko protagonismoen gainetik, auzolanaren bidea landu beharko da.

4 pensamientos en “GATAZKA POLITIKOA: eztabaida

  1. Ramón Zalloren ahoan jarri duzu, Garruze, honako hau: “Hurrengo hauteskundeek ezinbesteko garrantzia izango dute, baina tamalez hurrengo hauteskundeak eta gero ez da alderdi abertzaleen arteko estrategia beteratu bat martxan jarriko. EAJk nahiago izango omen du alderdi unionistekin batu, Amaiurrekin baino. Arrazoi nagusia: alderdi interesak nagusituko omen dira”.

    Hiru ideia nagusitzen dira:

    1.- Hurrengo hauteskundeen inportantzia.
    Hauteskundeetara iristen garenean, izan autonomikoak, udal-mailakoak edo Espainiakoak, denak jotzen ditugu beti ezinbestekotzat, garrantzizkotzat oso. Oraingoak ez dira sabuespen.

    2.- Ez da alderdi abertzaleen arteko estrategia bateratu bat martxan jarriko.

    Beno, beno, politikan betidanik bereiztu dira taktika eta estrategia. Orain arteko ibilbidean, azken 30 urtekoan alegia, alderdi abertzaleek bide diferentea egin dute, eta hal behar zuen izan, batak bortizkerian oinarritzen baitzuen bere estrategia, eta bestean bide baketsuan.

    Orain, bat batean, abertzaleen arteko gatazka hori gainditutzat jo da, eta beste bide batean sartu behar dugu, non, funtsezkoa, abertzaleen arteko adostasunak izan behar baitu; eta, gainera, hala izan behar du, ezker abertzaleko ideologoek hala erabaki dutelako, aipamen minimoa egin gabe azken 30 urteotako historiari.

    “Hori ahaztu egin behar da” esatea ez da nahikoa. Hori aztertu eta baloratu egin behar da. Nork ez du posible egin abertzaleen arteko lana azken 30 urteotan?

    Eta orain, galderarik nagusiena: Euskal Herriak, zer behar du, PNV/Ezker Abertzalearen arteko akordio estrategikoa, edo, posible bada, PNV/PPSOEren arteko hitzarmena, Nafarroako gaia desblokeatuko duena, edo Estatutu politiko berri bat ekarriko duena, edo herri honen nolabaiteko burujabetza onartuko duena?

    3.- EAJk nahiago izango omen du alderdi unionistekin batu, Amaiurrekin baino.

    Betiko mamua: EAJ españolekin. Aspergarria ere bihurtzen ari da. EAJ españolekin aritu izan da ETAren amaiera bideratzeko, españolekin Bildu hauteskundeetara aurkeztu ahal izan dadin, españolekin Sortu legeztatu eta Parot dotrina desegiteko (Konstituzionalak presakotzat jo ditu, zergatik), kasualitatez?); eta esapañolekin ari da euskal gatazkari irtenbide negoziatu bat bilatzeko. GAIZKI AL DAUDE ESPAÑOLEKIN EGITEN ARI DIREN TRATU HORIEK?

    Agian arazoa ez da EAJ españolekin ari dela, baizik eta Ezker Abertzaleak ez duela aukerarik españolekin zuzenean negoziatzeko. Hala al da?

    Aurrera jarraitu orduko: nor ibili da españolen alde azken 30 urteetako jarraibidearekin?

    4.- Arrazoi nagusia: alderdi interesak nagusituko omen dira.

    Hortik ateratzen bada EAJ alderdi-interesek mugitzen dutela, ba zera:

    a.- Egia da. EAJ alderdi bat da, eta alderdi-interesek ERE mugitzen dute. Norbait ausertzen al da esatera Ezker Abertzalea ez dela alderdi-interesengatik mugitzen? EAJ beste, edo gehiago?

  2. puntutxu hau gelditu zait sartu barik lehen. Hortaz, aurrekoari itsatsi behar zaio:

    b.- Ezker Abertzalearen helburua Euskal Herria da –EAJrena deneantxe–, baina neurri berean –edo gehiagoan– alderdi modura garatzean, lekua bat egitean, sendotzean eta, ahal badute behintzat, boterea eskuratzean. Ez izan dudarik horretan.

  3. “Hori ahaztu egin behar da” esatea ez da nahikoa.

    Ez dut uste inork ezer ahaztu nahi duenik. Alderantziz, memoriaren inguruan sekulako lana egiten ari da batzuen egia eta besteena kontrastatu ahal izateko eta dagokionean irakurketa partekatu bat –ez iguala ziurrenik- egin ahal izateko

    Baina ezin da ukatu Euskal Herria garai berri baten atarian dagoela. Aldaketa garaia, bai eta hori dela-eta aukera paregabea dugu -Xabier Arzallusi behin entzun nionez- erretrobisoretik, atzeko ispilutik alegia, begiratzeko. Zertarako eta egindako akatsez jabetzeko, batez ere, berriro ez errepikatzeko. Baina funtsean aurrera begiratu behar dugu, ez badugu hamar urte barru orain bezala jarraitu.

    Helburu komunaren eszenifikazioa eta konpromisoa

    EAJ eta Amaiurrek ordezkatzen duen gizarte-esparruak Euskal Herria du helburu diozu. Bada, horrela bada, nonbaiten eszenifikatu beharko da asmo bateratu hori. Hori da herritar abertzaleok (EAJkoek zein Amaiurrekoek) eskatzen gabiltzana.

    Badakigu, esparru komun horrez gain lehia politikoa egongo dela eta bakoitzak bere erara eta bere erritmora egingo dituela gauzak. Erabat zilegi eta beharrezko gainera. Baita haien artean lehia politikoa egongo dela. Eta hori ona iruditzen zait, baina ondo iruditzen ez zaidana da EAJ eta Bilduren artean lehia politikoa eszenifikatzen ibiltzea gutxieneko lan-esparru komuna gauzatu gabe. Aieteko Ituna izan da garai berri honetan eratuta genuen esparru komuna (PSE ere baitan egonik). Ibilbide orri komuna eta adostua. Madrileko akordioa eta gero, ordea, ez dago hain argi.

    Euskal Herriak, zer behar du?

    Euskal Herriak herri izaerarekin jokatzea behar du. Hala uste dut nik. Eta herri izaera hori zenbait eremutan azaldu behar da. Euskara, kultura, interes ekonomiko eta estrategiko nagusiak…

    Nafarroako gaia desblokeatzeko uste dut bi karta jokatu behar direla aldi berean: alde batetik, alderdi unionistek (PSOE eta PP) onartu behar dute euskal naziogintzaren zilegitasuna eta horrek independentziaren aukera zabal dezakeela (Eskozian Erresuma Batuak onartu duen bezala) eta horretarako alderdi abertzaleek batera eta modu koherentean jokatu behar dute erabakitzeko eta lurraldetasunaren aldarrikapenarekin eta hurrengo marko juridikoaren definizioarekin (hau da, herri izaera defendatuz)

    Bestetik, eta horretan arrazoia eman behar dizut, alderdi abertzaleak epe batean lehia politikoan ibili beharko dira, beti ere, zenbait esparrutan lankidetza bermatuz (euskara, kultura, interes ekonomiko eta estrategiko nagusiak…) eta horrek PP eta PSE/PSNri gobernuan egoteko aukera zabalduko die.

    Esparru horiek biak hauteskunde dinamikatik kanpo landu behar direla uste dut eta horretan lankidetza-esparruak egon behar dute.

  4. Nafarroaz ari zarela, zera esan behar dizut ezer baino lehen: azken foru-hauteskundeetan Geroa Bai-ren premia aldarrikatu nuen, idatziz eta hainbat aldiz. Orduan batek baino gehiagok aurpegiratu zidan atrebentzia hori, argudiatuz ezen, Nafarroan ez zeudela bi jarrera ideologiko abertzaleen artean, bakarra baizik: ezkertiarra eta progresista, Ça veu dire: ezker abertzalea. Emaitzak erakutsi zuten hori ez zela horrela.

    Hemen -EAEn-eta orain, berdin. Abertzaleon espazioa une honetan herritarren %60ra iristen da erraz. Espazio hori zeharo da hetereogeneoa, anitza. Uste izatea, jende guzti horrek abertzaleen zenbait postuladu ortodoxo itsu-itsuan onartuko dituela, errealitateari lepoa ematea da. Hori, agian, Ezker Abertzaleak egin dezake bere boto-emaileen artean, baina EAJk ez bere boto-emaile guztien artean.

    Elkarren arteko lehia da abertzaletasunak une honetan behar duena. Zergatik? Horrek ekar dezakeelako “ni zu baino gehiago”ren jokoa. EAJk gobernua hartzen badu, norekin gobernatuko lukeen ez dakidala, kontu handia izan beharko du abertzaletasunaren erreibindikazio ezinbestekoekin. Ezingo ditu ditu une bakar batez ere ahaztu, hor aurrean izango baitu Ezker Abertzalea, zakur baten antzera, hoska egiteko beti prest. Ea berdin alderantziz.

    Elkarri zaintzeak ekarriko dio onurarik gehien abertzaletasunari.

    Begira Gipuzkoa. Hor garatu genuen guk “Batu gaitezen” programa, abertzaleen arteko elkarlana erreibindikatuz. Zer gertatu da Bildu boterera iritsi denean? Ez batu ez Kristo, elkar mokoka lehenengo egunetik gehiago. Egoera hori oso da aberasgarria herriarentzat, Gipuzkoarentzat eta Euskal Herriarentzat.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s