Euskal independentismoaren potentzialitatea

Berriak  asteburuan Txutxi Ariznabarreta Independentista Sarearen bozeramailea- elkarrizketatu du.

Aurtengo Aberri Eguna sinbolikoki berezia da: 500 urte betetzen dira Nafarroak bere subiranotasuna galdu zuenetik; eta 75 urte Gernikako bonbardaketa gertatu zenetik.

Gure herriarentzako bi gertaera horiek oso esanguratsuak izan dira eta bere urtemugek aukera paregabea ematen digute lurraldetasunaren eta bakegintzaren aldarrikapenak berezkoa dugun euskal ikuspegitik -mendetasunik gabe- aldarrikatzeko.

Hori dela eta aurtengo Aberri Eguna berezia izango da eta Independetista Sareak aukera ematen digu Euskal Herriaren burujabetza berreskuratu nahi dugunoi elkarrekin Iruñan ospatzeko.

Hona  hemen  Txutxi Ariznabarretaren elkarrizketaren pasarte batzuk:

  • “Uste dugu badagoela aukera independentziaren aldeko aliantza estrategiko zabal bat osatzeko eta bide mugarritu bat lantzeko, pauso eraginkor eta errealen gainean. Hori gauzatzeko, ezinbestekoa da oinarri zabal batek babestea, bultzatzea eta, momentu batzuetan, presionatzea eragile politikoak”
  • “Guk uste dugu etorkizunari begira independentismoak dimentsio berri bat hartu behar duela, esparru abertzalea gainditu behar duela eta erreferentzia bilakatu behar dela edozein euskal herritar demokrata eta progresistarentzat. Azken batean, zer eskaintzen digute estatuek gaur egun? Ezer gutxi. Eta horrek abertzale eta abertzale ez direnei eragiten die. Arlo sozialean, adibidez, izugarrizko deuseztatze prozesu baten aurrean gaude, eta ez da elkartasunean eta berdintasunean oinarritutako eredurik eskaintzen. Egoera horri aurre egiteko, edozein herritar demokrata eta progresistak ikusiko du independentismoa izango dela erreferentzia nagusia. Independentismoaren dimentsio berri horrek potentzialtasun handia dauka.
  •   Gehiengo zabalak eraikitzeko, elementu emozionalekin batera elementu arrazionalak sortu behar dira, eta planteatu behar da nolako gizarte eredua, nolako ongizate estatua eraiki nahi dugun, etorkizun erakargarri eta ilusioz betetako bat eskaintzeko herri honi.
  • Eskoziaren irakaspena: Euskal Herrian esparru utopikoan iraun du independentismoak, eta Eskoziaren erreferentziak, adibidez, independentismoaren inguruko eztabaida espazio utopikotik eguneroko eztabaida politiko errealera ekarri du. Eta hori pauso oso inportantea da independentismoarentzat: herri honen etorkizunaz hitz egiten denean, aukera guztien artean independentzia aukera erreal modura agertzea.
  • Euskal lurraldetasuna modu prospektiboan lantzeko proposamena: “Guk planteatzen duguna da Euskal Herri osoaren etorkizunari begira lan egin behar dugula; oso-osorik planteatu behar direla elementu politikoak eta sozioekonomikoak. Lurralde kohesioa eta kohesio soziala eta ekonomikoa aztertu behar ditugu Euskal Herria oso-osorik kontuan hartuta,”

6 pensamientos en “Euskal independentismoaren potentzialitatea

  1. Nik Independentista Sareari ikusten diodan hutsunerik handiena hau da: sortzez Ezker Abertzaletik dator. Horretan nik euskal komunikabideei buruz sartu dudan post-arekin alderatu daiteke; alegia, bai bata, bai bestea helburu estrukturalak eta estrategikoak dira Euskal Herrirako.

    Oraindiño, baina, ez dugu asmatu ukitu partidarioa gainditzen. Independentista Sareak 2012ko Aberri Egunerako deia egin du. Nortzuk bildu zaizkio? Ezker Abertzalekoak. Nola egiten du jauzia arlo murritz horretatik Euskal herritar guztiengana, abertzaletasunaren beraren esparrua ere gaindituz. Ez da lan bat ere erraza, jendeak estereotipa zorrotz batzuekin jokatzen baitu.

  2. Bada, zuen alderditik gero eta jende gehiago dago esterotipo horiek gainditu nahian eta asko pozten nau horrek. Adibidea: Larunbatean Mungian Indepedentista Sarean antolatutako ekitaldi batean (herri-bazkaria barne) Mungiako alkatea (PNV) eta zinegotziek (EAJ) parte hartu zuten.

    Garai berrietan gaude eta helburu eta egitasmoen inguruan eztabaidatu beharra dago, ez estereotipoen gainean.

  3. Pozten naiz horrela izatearekin. Hala ere, asko egin beharra dago. Esaterako, Txutxik dioenean “euskal herritar demokrata eta progresistarentzat”, nortzuk sartzen dira kontzeptualizazio horretan? Niri progre izateak eldekorri ematen; hain da termino erabilia, bat ere edukirk gabe utzi dutela.

    Zuk badakizun Garruze nik zer diñodan gai honen inguruan: herri honetan ez dago ezer egiterik EAJrik gabe, eta zeuk erantzungo zenidake: “ezta ezker abertzalerik gabe ere”. Halaxe da, horregatik da hain inportantea, era honetako mugimendu estrategikoa sortzen denean, orekari eustea. Are gehiago, asmoa herritar guztiengana iristea bada.

  4. Independentista Sarearen sorrera hasiera-hasieratik ezagutu dut eta zin dagizut zuk aipatzen duzun oreka hasieratik zaindu dela. Are gehiago esango dizut, ez da eskualde-talderik sortzen oreka hori gordetzeko baldintzarik ematen ez bada, hau da, denak EAJkoak edo denak ezker abertzalekoak badira.

    Hainbat arlotan lehiatzen dugun bezala (kudeaketa ereduak, …), beste arlo batzuetan (helburu estrategikoetan alegia, gure herriaren izaera gorde eta sustatzeko behar ditugunak eta gure biziraupenerako behar beharrezkoak direnak) elkarrekin lan egiten ikasi behar dugu. Arlo horien inguruan gogoeta partekatua egiteari zabaldu nahi dizkio ateak 2012 Aberri Egunak .

    Independentista Sarea oreka lan horretan saiatzen ari da, independentismo berri bat eraikiz, zabala, demokratikoa eta aurrerakoia. Bukatzeko, aurrerakoi hitzak ez dut uste beldurrik eman behar duenik, izan ere, gure herria eta gu pertsona bezala aurrera egiten laguntzen diguten ideia, egitasmo, balore….eta abarren multzoa baino ez da.

  5. Bai, hala da Garruze. Aspalditik ezagutzen zaitut Garruze, eta badut ordutik Independentistak Sarearen berri zure bidez. Zuek inork baino hobeto jakingo duzue ea hasierako asmo horiek -ahalik esparru zabalenera iristekoak- gauzatu diren, edo asmo hutsean gelditu diren. Pertzepzioak dira inporntanteak. Hau da: intentziorik onenak izan arren, ez baduzu lortzen eremu zabaletara iristea -Ezker Abertzaletik haragoko eremuetara, alegia- horrek esan gura du zeozer ez dabilela behar duen moduan.

    Pertzepzioak oso dira garrantzizkoak. Ea herritarren gehiengoak zer iritzi duen gai bati buruz, jendarte jakin bati buruz. Eta oraingoz ere kokamen ideologiko-politiko zehatz bat antzematen zaio Independentistak Sareari.

    Gakoa kontu honetan -honetan ere- abertzaletasunaren barruko bi espazio sano bereiztuak dira: EAJ eta Ezker Abertzalea. Ezerk ez du aurrera egingo bien babesa eta defentsa ez badu. Ez da Independentziarena gai bakarra; hor digutu, baita ere, kulturarena, euskal medioena, euskarena, (….). Kapaz bagina egituraketa politiko zurrunetatik ihes egin eta gune partekatuak lortzeko, ba itzel. Nire inpresioa da, ordea, euskal herritarrak oraindik oso lotuta daudela batera edo bestera

    • Honako hau diozu: “intentziorik onenak izan arren, ez baduzu lortzen eremu zabaletara iristea -Ezker Abertzaletik haragoko eremuetara, alegia- horrek esan gura du zeozer ez dabilela behar duen moduan.”Ez nuke esango gauzak ez doazela behar diren moduan, izan ere, asko aurreratu dugu independentziaren gaian. Gogoeta egiten ari gara eremu sinbolikotik haratago eta gogoeta hori ikuspegi ezberdina darabilen hainbat dabil egiten (batzuk ezker abertzalekoak, beste batzuk EAJkoak, Ibarretxe kasu). Agian oraindik lortu ez duguna da burujabetzaren aldeko dinamika politiko iraunkor bat ezartzea. Jauzi hori egiteke dugu eta horretan derrigor eragile politiko, sindikal eta sozialekin kontatu beharra dago.

      Independentziak zehaztasuna behar du eta horren inguruko elkarlana sortu. Independentista Sarea -gizarte mugimenduaren soslaia izanik-, alderdien joko eta lehiatik kanpo gizartean burujabetzaren aldeko dinamika horren beharraz kontzientziatu nahi du eta behar den elkarlanarako oinarria eta ongarria jarri.

      Herritarrek ezker abertzaleko kutsua hartzen diotela diozu, bada pertzepzio hori bi eratara alda daiteke: lehenbizikoa, Independentista Sarearen esku dagoena egiten jarraituz: orain arte bezala, zabal eta orekak zaintzen jokatuz; bigarrena, alderdi politikoek eta gainontzeko eragile sozial eta sindikalek mugimendu independentista babesteko erabakia hartuz. Agian hori da falta dena. Ezker Abertzaleak errazago du EAJk baino, egia da.

      Erritmoak errespetatu beharko ditugu, baina EAJk gero eta zailago izango du indefinizioan aritzea, izan ere, alde batetik zein bestetik independentziaren xedearen inguruan zehaztapenak eskatuko dizkiote: benetan lortu nahi du? nola lortu nahi du? zer dagoen egiteko prest? zein erritmotan? …. EAJren baitan horren inguruko eztabaida bat sortu dela jakitea oso berri ona litzateke.

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s