Belartzandiri, estimuz

relajacion03Belartzandik diñosta aurreko artikuluan: “Biturie, benetan be urduri ikusten zaitut. Esan leike deika zagozela Madrileko eta bertoko erasoeri. Aspaldian galdute euki dodaz zure iritziak. Gogokoak nituen. Zein da aldaketaren arrazoia?” Eskertuten deutsut, benetan, iruzkina, egunokaz euki dodazan gitxietariko bat. Baneukan gogoa asaskatuteko, eta zuk emon deustazun aukereaz baliatuko naz.

Egia da galdute modura nabilela, oreka faltan. Nau be igarrita nago, besteon antzera. Holan aitu leike blogaren sarrerak erdira jaitsita egotea, eta betiko iruzkin egileak alde egitea. Zer jazo da? Nongo haizeak jo nau? Ez da ohikoa egun batetik besterako katua txakur bihurtutea. Zeozerk eragin nau.

Zeuk erabilitako aditzak azalduko leuke ondoen egoera: ERDI GALDUTA ETA NORAEZEAN. Bat batean iparrorratza txoratu egin jata. Holangoetan bi aukera daukozuz (daukadaz); bata, Loiolako Inaziorena: ekaitzetan lasaitu, eta eutsi; eta bestea, bazter guztien kontra aritu. Lehenengo bideak barruak lehertutera zaramatza; eta bigarrenak bazterrak nahastutera. Bata ez bestea ez dira bide egokiak.

Dala orain hilabetera arte argi baino argiago euki dot zer gura neban idatzi, gitxi gora-behara hauteskundeen ingurura arte. Hauteskundeak irabazteagaz hasi zan dana. Ordura arte ondo nekien zeintzuk ziren nire/gure aldekoak eta zeintzuk aurkariak; etsaiak deitutea gehiegitxo deritzot. Ni Alderdi bateko kidea naz, eta horren arabera marraztu dodaz eremuak. Lehia politikoan gengozan, eta hor bakotxak berearen alde egiten dau, aurrekoaren ahuleziak azaleratuz, garaipenaren bila. Jo ta fuego ekin deutsugu, lortu arte.

Hauteskundeak irabazterakoan neure buruari egiten deutsodan galderea da: ETA ORAIN ZER? Guztiz PNVren gobernu barriaren alde egin, orain arteko erara; edo, ostera, baten batek edo batzuk egon behar dabe/gara barruan be mugak ipinten, gogorarazten boterean egoteak ez dauala esan gura dena daukagula geure eskura; hau da: ez dagoela egoera lasai egoteko, eta arazoak/kontuak ahal dan modurik egokienean bideratu behar direla.

Nik beste era bateko gobernu-kideak gura nebazan. Belaunaldi berri baten garaia zela, betikoenaz gain. Ez zan kontua dena goitik behea aldi berean aldatutea; ez horixe, ez naz hain leloa edota inozoa. Datozen hamarkadetarako prestatu behar dugu arlo guztietan, eta horretarako derrigorrezkoa da jende berriari aukerea emon eta lehiarako prestetea. Ilusiño handiagaz nengoen gobernu barriaren lehenengo izenak ikusteko.

Ezingo deutsut ukatu dezepziño puntua hartu nebala, eta holantxe jakinarazi neutseen nire ingurukoei. Hortik etorri zan Lakuako sarreran (hall) bilduten zirenen kontrako posta. Gero danetik egon da. Sartutako asko onak izan dira, batzuk oso onoak. Jende barria be agertu da. Holan osatu da azkenean gobernua, betikoak eta barriak aintzat hartuta. Aitortuten dot hasierako garraztasuna gainditu dodala.

Ni Alderdikidea naz, eta neure moduan –botere guneetatik kanpo- asko borrokatu naz Alderdiaren eta Alderdiko hautagai Urkulluren alde, gaur egun Lehendakari zorionez. Ageriko/jendaurreko borroka izan da, blogaren bidezkoa. Jarraitzaile ugari izan dodaz –milatik gora-, ia gehienak Alderdikoak. Gehiago edo gutxiago gustatu niri iritziak, hor egon dira, eta hainbatetan eztabaida be sortu dabe. Ez dakit, ordea, iritzirik sortu edo eraginik izan daben.

Dakidana da, ondo jakin be, aurkariek ondo lotu gura izan nabela, eta post-en batean jakitera emon dodan moduan nire bila ere etorri direla. Ez eustan ardura, ze jabetuta nengoan borroka batean gengozala. Borroka guztietako modura, emoten dauenak hartuteko be prest egon behar dau. Ez badozu joan-etorriko lehia gustoko, ez sartu matraketan. Ni prest egon naiz.

Zerk eroan nau ba urdaila burua baino sarriago erabiltzera EAJko Gobernuaren kontra? Barruko kontuak dira. Ez dodaz hemen atarako. Aitortuten dot mingarriak egin jatazala baten batzuk. Kaka nahastuteak ez dau ezertarako balio.

Zuk diñozu: “Esan leike deika zagozela Madrileko eta bertoko erasoeri”. Nire azken post-ak erasokorrak izan dire, larrean/gehiegi behar bada; hala ere, uste dot mamiak/edukiak bai emoten dauala eztabaidarako parada. Tonoa, itxura edo moduak alde batera utzita, uste dot gainerakoetan ez dagozela soberan. Gertatuten da ze, Belartzandi, orain arteko guztiak oso egon direla alde batera lerratuta, PSEren/Bilduren aurkako aldera hain zuzen be. Orain, jomuga aldatuterakoan, arraroa egiten da, baina normaltasunez onartu beharko genduke autokritika apur bat.

Urte latzak jatorkuz Belartzandi. Latzak herri mailan, eta latzak Alderdi mailan. Guztion alkarlana beharko da aurrera egiteko. Aurrera, arrakastaz. EAJk ez dauko indarrik soberan; gitxiegi ere daukola esango nauke nik. Gitxiegi alde guztietako erasoei erantzuteko. Madrileko edo bertoko aurkari erasotzaileei deika? Kia!!! Usaindu egiten dira; hor bertan dagoz dagoeneko, ateko aldaba joka, gudarako jantzita eta prest. Guztion indarrak beharko dira. Halan eta guztiz be baten batek egon beharko dau abokat txarrarena egiten, Kilker Hiztunarena (Pepito Grillo).

Baretu eta ideiak eraz ipini beharra daukat, lagunartekoan eztabaidatu, eta gero, gero bakarrik, ebazpenak hartu. Direnak direlakoak. Itzultzekotan, itzuliko naz ganeko egunen batean.

Artean, izan zaitezte guztiok zoriontsuak. Zuri Belartzandi –nahiz eta uste dodan ez zinela postaren amaiera arte helduko-, eskerrak emoten deutsudaz barriro be barruko korapiloa askatuteko aukera emon deustazulako. Behar neban, eta uste dot igarri dala. Badakit ez nazela kontu zehatz eta izen jakinetan sartu. Ez zan hau lekua eta abagunea.

Anuncios

12 pensamientos en “Belartzandiri, estimuz

  1. Ez haut ezagutzen, ta ezezaguna zaidak hire mundua, baina gizon fina ematen dek. Besterik ez bada ere, animo, hortaz; urak harri artetik bezela, egingo dek hik ere eure bidea.

  2. Jeltzaleek duten arazoetako bat da jende gutxi dutela prest edo gai dena idazteko eta euren iritziak eta hausnarketak plazaratzeko. Nik behintzat gustura irakurtzen ditut zureak, are gehiago euskaraz idatzitakoak, eta berri txarra litzeteke zure ahotsa itzaltzea.
    Ondo izan eta jarraitu zure lanarekin

  3. Atzo Bart De Wever-ek jaso zuen Sabino Arana saria Flandriako abertzaleen izenean. Ikustekoa da euskaraz egin zuen diskurtsoa. Ze politikari espainolek egiten dute euskaraz Euskadira datozenean?

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s