EAJk ezin du

images (1)EAEko Gobernuak Jaurlaritzako kargu publikoentzat onartutako Kode Etiko ditxosozkoak, honakoak ezartzen ditu, besteak beste: “ez dute adierazi behar Gobernuaren jarrera politikoekiko desadostasunik, eta jarrera horiek ez dituzte argi eta garbi kritikatu behar (….) Internet bidez. (…) Desadostasun horri eusten badio, askatasun ideologikorako eta adierazpen-askatasunerako oinarrizko eskubidean babestuta, dimisioa aurkeztu beharko du”. Ni ez naiz kargu publikoa, eta ez nau lotzen obligazio horrek. Horregatik esan dezaket:

EUSKARAK AURRERA EGINGO BADU, DERRIGORREZKOA DA EZKER ABERTZALEA ERAKUNDEETAN EGOTEA, BAITA EUSKO JAURLARITZAN ERE. EAJk EZ DU IZAN, EZ DU ETA AURRERANTZEAN ERE EZ DIOT IKUSTEN INDARRIK BEHAR-BEHARREZKO AURRERAPASUA EMATEKO.

Aitortzen dut: beste lankide batzuekin batera duela zenbait urte sortutako Tiraka taldeak artikulu bat atera berri du euskarak Administrazioak egoerari buruz. Irakurri eta, egia esan, bat nentorren edukiarekin. Haiekin bat egiteko izan naiz, baina ELA eta LABekin sinatu izanik atzera bota nau. Badakit Administrazioko sindikatuen hizkuntza praktika -euskararen erabilera- Adminiistrazioko politikoen aurretik doala, askoz aurretik. Hala ere, gehiegi iruditzen zait eurekin batera sinatzea. Nik, hortaz, neure hausnarketa, beste mila aldiz egin dudana, ia termino berberetan.

EAJko alderdikidea naizen aldetik ez dut askatasun ideologikorik goiko hori idazteko. Gustora onartuko nuke zigorren bat Alderdiko norbaitek frogatuko balit gezurra dela goian esandakoa. Frogatuko balit Eusko Jaurlaritzan euskararen arloan 30 urtetan egindakoa ez dela porrota, ez dela frakasoa. Berdin Bizkaiko Foru Aldundian egindako, Bilboko Udalean, Arabako Foru Aldundian, (….). Behar bada Gipuzkoako FA libratu da.

Ni ez naiz, ordea, kargu publikoa. Ez didate sekula eskaini kargurik, eta ikusi ditut milaka nire musturren aurrean. Batzuk onak, beste batzuk txarrak. Hogeita hamar urtek askotarako ematen dute. Urte guzti horietan itzulpengintzan jardun izan dut, eta euskararen gaia oso hurbiletik jarraitu dut.

Hogeita hamar urte daramatzat Eusko Jaurlaritzan, alde batera eta bestera begira. Urte guzti horiek egin ditut itzulpengintzari lotuta. 2013an 1984an bezala gaude: Gobernuak euskaraz ateratzen duen ia guztia itzulpena da; ez da apenas sortzen. 30 urte eta gero ez dugu aurrera egin!!

Urte guzti horietan –bi balaunaldiko epe horretan- tristuraz, asperduraz eta etsipenez ikusi dut euskarak administrazio honetan izan duen bilakaera. Urte guzte horiean –hiru kenduta- nire Alderdia –EAJ- egon da agintean.

30 urte horietan ezer gutxi egin dugu aurrera. Milioika euro -zenbat benetan?- gastatu/xahutu ditugu, eta oraindik ez dugu atal bakar bat elebidun bihurtu. 30 urte eta gero ez gara gai dekretu bakar bat euskaraz sortzeko, ez eta HPSkoak ere. Etsigarria eta gogaikarria!!

Orain arte ni/gu bezalako potro zorriok kritikatu dugu –behin eta berriro- egoera. Orain Administrazioko funtzionarioek eurek ere –hitza eman baitzaie- aitortzen dute egoera okerra dela, txarra. Urteak eta urteak agintean daramatzaten karguek eurek ere ikusten dute egoeraren latza.

Gobernu honek berriro ekarri ditu karguetara –HPSra- sozialisten aurretik egon ziren berberak: Baztarrika eta bere taldea. Duela lau urte, euren karguak utzi zituztenean, IV. Plangintzaldiarekin ziharduten. Ez zaio emaitzarik ezagutzen; ez onik, ez txarrik. Herri-diru pila eta kanpoko enpresak -beti kanpoko enpresak!!- erabiltzen dira plangintzaldiak tajutzeko, eta gero ez dago emaitzarik.

Orain V. Plangintzaldiarekin datoz. Ia inork ez du konfiantzarik. Plana indarrean jarri dutenek ere ez, seguruenik. IV. Plangintzaldiaren 150 orriko ebaluazio-txostena aurkeztu zuen atzo Loberak Lakuan. Zer jasotzen de orri guzti horietan, ez baita ezer egin?, ezer gauzatu?

Gero Baztarrikak V. Plangintzaldiaren ildoak jorratu zituen. Bere aurrean zituen euskara teknikarien eta gainerakoen aurpegietan betikoa somatzen zen: BERRIRO ERE BETIKOA. DÉJÀ VU, TRÈS VU. Irtenbiderik ez duen diskurtsoa. Kameren aurrean saltzeko hitza gozoak.

Azkenik Euskalduntzeko zerbitzu-buru Lozanok bota du IVAPek baduela baliabiderik plan horiek aurrera ateratzeko. Ni harrituta ze azken boladan entzun dudan bakarra izan da ez dagoela xoxik ezertarako. Honetarako bai, hurrean. Dirua berriro ere alferrik erabiltzeko, xahutzeko.

Gai honek ez du etorkizunik goitik beherako eraldaketa bat ez badu. EAJk ez du horretarako indarrik eta adorerik. Ez eta jenderik ere. Orain HPSn eta euskaraz arduratzen diren beste sail/atal/zerbitzu batzuetan daudenek ez dute ahalmenik euskara ataka honetatik ateratzeko. Alferrekoak dire ahalegin guztiak.

Neurri zehatzak hartu behar dira lehenbailehen. Agintean den alderdiak –EAJK- jarraibide ausartak eta praktikoak jarri beharko lituzke, ez itxurazkoak. Zenbaitzuengan mina ere eta egonezina sortuko dute neurriak batzuetan, herritarren txalo errazetik urrutikoak.

Ez dut nire Alderdia horretarako kapaz ikusten, eta are gutxiago horretarako aukeratu dituenak. Duela hilabete batzuk, Gobernu berriaren sailak osatzeari buruzko Dekretuan jasotzen zen sail bakoitzak Euskara Atala izango zuela. Gaur arte, eta dagoeneko zortzi hilabete igaro dira.

Aspaldi esan nuen, eta horretan dihardut: HPS harrak janda dago, gaitasunik gabe, ezin ikusiak eta errak gainezka eginda. Desagertuko balitz hobe. Eta horrekin batera hobe euskararen eremuan diharduten zerbitzu eta atal guztiek ere astinaldi bat izango balute, eraldatuko balira. Hausnarketa berri bat egin, sakona, aurreiritzirik gabea, eta, konklusioekin, sortu entitate berria.

Lehendik ere esan dut, eta berriz ere orain: ez dira kaleko zerbitzuak kontratu behar, garestiak baitira eta bizi dugun egoeran saihestu egin behar da hori. Erabili dakien jendea, galdetu urteak ofizian daramatzanari: euskara teknikariei, itzultzaileei, trebatzaileei, euskaraz jardun gura duten teknikariei. Ez ezkutatu karraju elitistetan!! Atera kalera.

Artikulua amaitzen dudan honetan, epilogo modura, hitzaurrean esandakoa errepikatuko dut, penaz:
EUSKARAK AURRERA EGINGO BADU, DERRIGORREZKOA DA EZKER ABERTZALEA ERAKUNDEETAN EGOTEA, BAITA EUSKO JAURLARITZAN ERE. EAJk EZ DU IZAN, EZ DU ETA AURRERANTZEAN ERE EZ DIOT IKUSTEN INDARRIK BEHAR-BEHARREZKO AURRERAPASUA EMATEKO.

Gustora hartuko nuke abisua edo zigorra, idatzitako honek zeozertarako balioko balu.

Anuncios

10 pensamientos en “EAJk ezin du

  1. Zorionak artikuluagatik. Esanguratsua benetan. Ea gutxienez norbait bere lozorrotik esnarazteko balio duen. Edozein modutan, bai EAJn eta baita Euskal Herriko gainontzeko alderdi politiko desberdinetan ere, zu bezalako askoz pertsona gehiago behardira, alegia bere alderdikoek egiten dutenarekin kritiko izateko gaitasuna duen jendea.

  2. Biturie, zorionak!!! Argi eta garbi adierazi duzu askok pentsatu eta sentitzen duguna.
    Garai berri hauetan EAJ eta ezker abertzalearen artean lankidetza esparruak sortu beharko dira herri honek aurrera egin nahi badu eta euskararena bat izan beharko du, dudarik gabe.

  3. Partidu politikoek ez dute euskara salbatuko, ez EAJak ez Ezker Abertzaleak. Galdetu bestela Kontseiluari Gipuzkoako Foru Aldundiarekiko ze iritzi daukan. Edo konturatu ze hizkuntza lehenesten duten politikari abertzaleek telebistan adierazpenak egitean.
    Gaztelania lehenesten dute bai EAJko karguek (ohituak gaude hori ikustera) baina baita Ezker Abertzalearen ordezkariek ere (euskararen salbatzaileak….). Akaso ETB2 eta Radio Euskadin euskaraz hitz egiten dute? EZ. Eta egin dezakete. Azpitituloak jarri ditzake irrati telebista publikoak, horretara derrigortua dago eta.
    Baina EZ. Ezker Abertzaleko politikariek ere, EAJkoak bezalaxe, euren komunikazio ildoa lehenesten dute, ama hizkuntzaren gainetik. Nahi dutena esan dezatela baina gaztelania lehenesten dute. Eta hori pertsonen jarrera kontu bat da, autua egitea da. Euskarak prestigioa beharrezkoa du eta hori norbanakoaren egunerokotasunetik hasten da.

  4. Pingback: EAJk ezin du | zuzeu.com

  5. Pingback: EAJk, gura badu, ahal du | munean

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión /  Cambiar )

Google photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google. Cerrar sesión /  Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión /  Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión /  Cambiar )

Conectando a %s