Ziegakoak gogoan

Egundo entzun dudan saiorik hunkigarriena izan da, begiak ere bihurritu dizkit” zioen Txapelketa Nagusiaren amaieran Iñaki Muruak. “Entzun hinduzen atzoko bertsoak?” galdetu zidan Dimako auzokide batek, “agurrean aite, ama ta danak euki jozak gogoan“. Herrirako bidean horixe entzun nion Maite Artolari, Ametsek gogoan izan zituela Joxe Agirre, Manuel Mari, aita, ama, arrebak (…) eta besterik ez.

Nik, ordea, entzunda nuen Arzallusen Agurreko bertsoa, berari ere begiak bihurritu zizkiona, eta han horiek guztiak eta beste batzuk ere aipatu zituen Ametsek “ziega zulotik entzuten beste euskladun ugari“. Orduantxe bilakatu ziren txaloak oihuak. Orduantxe; eta ez lehenago, ama-aitak eta gainerakoak aipatu zituenean.

Ziega aipatzeak eragin zion modu berezian BEC-en bildutako jendetzari, batik bat gazte-jendeari, eta, ezbairik gabe, BILDU-jendetzari, saioan zegoen jende gehienari, hain zuzen ere.

BEC-ekoa errituala bihurtu da lau urtero. Hara joan beharra daukate bertsoak biziki maite dituztenek, hara hurbildu beharra ia egundo euskararik erabili ez baina egun horretan, eta bi aste lehenago Durangoko azokan euskaraz egiteko premia sentitzen dutenek.

Etxean gelditu zirenetatik gutxik ikusi zuten saio guztia. Zatika baino ez; zati txikika. “Etxoazat aituten” esan zidan Dimakoak. Bertsolariak pertsona kultoak dira, jantziak. Herritar gutxi iristen da haien mailara, haien metaforak eta alegoriak ulertzera.

Hala eta guztiz, BEC gainezka, eta beste 10.000 sarrera eskatuta. Harritzekoa da. Eta galdetzekoa: bertsozaletasuna eraman al zituen horiek guztiak Barakaldora? Nik erantzuna Arzallusen Agurreko bertsoan aurkitu nuen: “ziega zulotik entzuten beste euskaldun ugari”, eta jendea oihuka.

Eta galdera neure buruari: Ametsek presoei egindako aipamena bihotzetik atera zitzaion, edo horretara behartuta ikusi zuen bere burua, jakinda zer zeukan aurrean? Batera zein bestera, oraindik ez dugu gainditu bertsolaritzak euskaldungoan duen langa, alde bata -Ezker Abertzalea- eta bestea -gainerakoak- bereizten dituena.

Agur-bertsoan Iñaxio Uria ere sar zezakeen Arzallusek, eta ziegetakoek hil dituzten beste hainbat euskaldun. Ez zituen sartu, ordea. Gai jartzaileek eurek ere eska ziezaoiketen biktimarena egiteko, ETAk hildako biktima batena, ez beti beste aldekoarena. Zer gerta liteke horrelako batean BEC-ean?

Anuncios

11 pensamientos en “Ziegakoak gogoan

  1. BITURIE :

    BECen egon ginen guztiok argi eta garbi esan dezakegu hau izan zela egun osoko txalotueneteriko bat.
    Eta nik batez ere ausardia txalotu nion Aitor Sarriegiri.
    [video src="http://www.bertsoa.com/video/13/BTN2013/20131215barakaldo/xdz4_gra_20131215barakaldo_bi_edit26aitorskartzela.mp4" /]
    Asko poztu gintuen nire taldekoei Bizkaiko Diputazioa eta Eusko Jaurlaritzako EAJko sari emailei ohiko txistuak sekulan baino askoz gutxiago izatea.
    Uste dut zeharo injustoa izan zarela jende askorekin idatzitako post honekin.
    Txapelketako web orrialdean saio guztiak entzun ditzakezu.
    Ziur nago entzutekotan zure iritzi ez zela berdin izango.
    Zorionez sekulan baino tarte txikiagoa izan du ” konflliktoa ” Txapelketa osoan.

    Txilardegi eta Ramon Labaien gogoan !

    Besarkada bat , Biturie

  2. ” Zure aita hil dute atentatu batetan ” gai bakarkako lanean UNAI ITURRIAGARI.

    Uste dut hau ere ez zenuela entzun.

    [video src="http://www.bertsoa.com/video/13/BTN2013/20131215barakaldo/arratsaldea/xdz4_gra_20131215barakaldo_bi_edit11unaibakarka.mp4" /]

  3. Arzallusen behartuta jakinda zer zeukan aurrean ?

    Ematen du oso gutxi dakizula bera eta bere familiaren bizitzaz.
    Bere pentsakeraz zerbait gehiago bai dudarik gabe ” Argiak ” bere zutabeak irakurtzeko parada izan zenuelako. Eta lepoa emango nuke bere ideia askorekin bat egiten duzula.

  4. Honekin bukatzen dut , BITURIE.
    http://www.bertsozale.com/eu/bertsolari-txapelketa-nagusia-2013/albisteak/hitzaren-jolasa-zeren-eraikuntza
    Ez dut dudarik inolako konotazio politikorik gabeko bertsoaldiak BECtekada berbera emango zela. Duda izpirik , ez.
    Agian hobe zukeen EAJk baloratzea zergatik igandeko ” Correo Digitalek ” tarte haundi eman zion ekitaldi honi euskaraz idatzita eta ” DEIAn ” bertsogintzaz hutsaren hurrengoa zekien norbaitek laupabost hitz bakarrik gaztelania nahiko inperfektoan.
    NIre EAJko senideek egun ahaztezinaz hitz egin didate eGOZAMENAZ ETA EMOZIO SORKUNTZAGATIK.

    Zergatik hainbeste lubaki eraiki behar ez direnetan ere ?

  5. Izugarri tristea iruditu zait zure komentarioa. Uste dut bertso saioa ez zenuela entzun. Hala ere, aita preso izan duen bertsolari baten eskaintza ulertzeko gai ez bagara, akabo. Eta bertaratu zirenen txaloak jaso izan bazituen zerbaitengatik izango da. Sarrera erostea libre zen.
    Zure ustez “BEC-ekoa errituala bihurtu da lau urtero. Hara joan beharra daukate bertsoak biziki maite dituztenek, hara hurbildu beharra ia egundo euskararik erabili ez baina egun horretan, eta bi aste lehenago Durangoko azokan euskaraz egiteko premia sentitzen dutenek”. Hori zure ustea da. Nik ordea pentsatzen dut beste batzuk “·agur pareja” esatearekin nahikoa dutela euren euskaltasuna erakusteko. Eta beste batzuk txaloka, zein jatorrak geureak…

  6. Biturie, behingoagatik harritu nau zure iruzkinak. Ez zenuen bertso saioa entzun, argi dago, aurreritziz jokatu duzu (hain zuzen, atentauan hildakoen biktimen lekuan jarri behar izan zuten batzuk) eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako txapeldunaren bizitzaz ezer gutxi dakizu. Kasu honetan, tamalez, kale egin duzula uste dut.
    Nik ez dakit BECen zegoen jendetzatik gehiena «Bildukoa» zen, litekeena da, baina hala balitz zer pentsatu eman beharko lizueke euskaldun, euskaltzale eta Bildukoak ez baizik eta jeltzaleak zaretenoi. Ze tarte eman diozue txapelketari zuen hedabideetan? Ze tarte finalari? Eta bertsogintzari? Eta euskalgintzaren beste isla batzuei? Ze pisu dauka euskarak aurrekontuetan?
    Hori bai, aupa Athletic! (Horretan ados egongo gara).
    Jaso besarkada estua, ez dut ahazten kafea zor dizudala

  7. Denbora eskatzen dit guztioi erantzuteak, eta batik bat errespetuz egindako iruzkin batzuei erantzuteak, nahiz nik idatzitakoaren kontrakoak izan.

    Atzettik aurrera.

    Leungane, kafe hori -nik gusturago ardo bat- zeuk gura duzunean, izan hemen Biturien, izan Arratia aldean. Zure lankidea ere gonbidatu gura baduzu, pozik hartuku dugu.

    Emanaldi osoa ikusi ote nuen duda egiten duzue. Ez da harritzekoa duda, ez bainuen zatika baino ikusi. Etxean telebista bakarrra, eta hamar urteko bi mutiko nirekin. Zatika bai. Ez, seguruenik, saio guztiaren kritika sakona egiteko, kritika zentzunezkoa.

    Ez neuzkan entzunda Sarrriegi eta Iturriagaren bertsoak. Jarri ditut hainbat bider. Sarriegik intentzioa jarri du, ezin uka. Ez dakit ondo nora joan gura izan duen. Iturriagak ihes egin dio gaiari, bere lapikora eraman du, eta ez dut uste lortu duenik aita hildakoaren larruan. Ez daki, ez dakite, ezin dute.

    Hor dago gakoetariko bat, Iriondori erantzunez: bertsolaririk gehienak giro eta testuinguru jakin batetik ateratakoak dira. Ez da txarra. Horrela da. Ikaragarri ondo betetzen dute goardia zibilaren papera, edo kartzeleroarena, edo PPko militantearena, edo PNVkoarena. ETA hildako baten semearena ez in dute antzeztu. Gehiegi da eurentzat.

    Ametsek bazekien Agur-bertsioa baino lehen Euskal Herriko Bertsolari txapelduna zela, euskaldungo guztiak zuela bere berri, bertsoak gustatu edo ez, bertsoa-saioa entzun edo ez. Atzokoaz geroztik pertsonaje bat da gure artean; ospe handiko pertsonaje bat gure mundutxoan. Orain arte ez, nahiz eta baten batzuk bere artikulu eta kroniketatik ezagutzen dugn lehendik.

    Horren jakitun izanda ere, ziegetakoak izan ditu gogoan. Esango didazu normal dela, kontuan hartuta bere familiak sofritu duena. Ulertzen dut aldebakartasuna. Ikuspegia zabalduta, ordea, agian galdetu beharko genuke ea zergatik sofritu duen hainbeste bere familiak, eta horrek eramango gintuzke alde biak ulertzera, horrek eramango luke Amets alde biak gogoan izatera Agur-bertsoan.

    Berriro diñot: BEC gainezka egoteak behartu egiten zaitu. Leungane, egoera da den modukoa, eta zuk eta nik badakigu bertsogintzak lortu duen maila ezinezkoa dela gainditzen beste arlo batean, futlbolean ez bada, baina zuk eta nik badakigu Ezker Abertzalearen munduan garatu dela gehienbat. Zergatik?

    Zergatik horren jarraipen eskasa Deia-rena? Zergatik El Correok berak leku eta seriotasun gehiago? Alde batetik, Vocentok hitzarmen bat lotu zuelako Euskaltzaindiarekin euskara aintzat hartzeko EAEko bere egunkarietan. Bestetik, Vocentok argi ikusten duelako geroz jende gehiagok jotzen duela euskarara, apurka apurka izan arren. Negozioa!!

    Deia, PNV, ni, gu, euskaldungoaren zati inportante bat, ..(….) Zergatik bertsogintzatik horren urruti? Zergatik utzi zion Sarasuak? Zergatik Euzkitzek? Zergatik gelditu zen oraingoan etxean Markel Olano, aurten arte BECen entzule izan dena?

    Egiari zor, esan herri honetan ezin garela egon otzanen eta beldurtien zain, gura duenak aurrera egin behar duela, eta berantiarrak ahal dutenean eta nahi dutenean -sekula nahi izatekotan- igo beharko direla gurdira. Bertsogintzan ezezik beste arlo batzuetan ere ikusi dugu hori.

    Hala ere, nago ni bertsogintza estankatuta dagoela, lotune ideologikoaren arnasatik indartsu. Ez da txarra, inolaz ere, bain horrela delakoan nago.

    Gainera Zur eta Lur, Bilbo, Iriondo, Leungane (….) eguzki gehiegik itsutu egiten du, zeru-ertzeko hodeiek erakusten dizute berandu baino lehen, behar bada, ekaitza etor daitekeela, ifrentzuak aurkia duela, iruzkin eztistuegiek garraztasun puntu bat behar dutela orekari eusteko.

    Besarkada bana.

  8. Eskerrik asko erantzuteagatik , BITURIE.

    Nire ikuspuntuak gaurko egoerari erreparatzen dio eta ez naiz arituko Sarasua , Euskitze eta abar.en kontuekin nahiz eta bi kaso hoietan zurekin bat egin neurri haundi batetan.
    Ez dut bizitza osoa iraganari begira bakarrik egon nahi.
    Errepikatzea nahi ez dugun kontu asko hor daude.
    Gure denon eskuon dago itzuli ez daitezen ekarpenak egitea.
    Eta ezberdinon arteko ekarpenak badira are eta sendoagoak.

    Niretzat eta jende askorentzat Amets txapelarekin edo txapelarik gabe dimensio berberako maisua da.
    Ukaezina da euskararen edo euskal kolektiboaren beharra askok dugula eta finala hau , Durangoko erromesaldia ildo horretan egon daitezkela.
    Denontzat lekurik dago

    Ondo izan !

  9. Eta gainera ez ahaztu BITURIE denok daukagula gure bizitzaren ” errelatotxoa “.
    Baina ez denok errelatoa egiteko askatasun berbera,
    Publikoan oraindik ez behintzat.
    Egoerak , baldintzak , inguruak , adinak …..gure iraganean.

    Aurrera egiteko garaia da !

  10. Eskerrik asko, Biturie, iruzkin luzeagatik.
    Gauza asko eztabaidatzeke geratzen zaizkigula iruditzen zait, baina horrek luze joko liguke eta lan orduetan gabiltza.
    Egia da, ardoa nahiago. Hartuko dugu pare bat Oban edo Artaunen.
    Ondo ibili

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s